XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bi sistemek Laplace-ren ekuazioa betetzen dutenez (ekuazio berberak soluzio berberak dituzte), korronteen banaketak ebazteko, elektrostatikan erabilitako teknika berberak erabil daitezke.

Bestaldetik, aurkakoa ere egin daiteke, hots, problema elektrostatikoaren pareko eroale ohmikoen eredua eraiki, eta, experimentalki, eroale-sistema horren lerro ekipotentzialak mugatuz problema elektrostatikoa ebatzi.

Honelako eredua, kanpoko iturriez elikaturiko elektrodo metaliko desberdinak eroankortasun makaleko (paper eroalea) ingurune batetan ipiniz eraiki daiteke.

Aipaturiko ereduan, eroankortasunen bereizketa oso handia izanik, eroale metalikoak gainazal ekipotentzialtzat har daitezke eta voltimetro baten bidez, eroankortasun makaleko ingurunean potentzialaren banaketa neurtu.

Beraz, parekotasuna kontutan edukiz, neurturiko potentzial-banaketa problema elektrostatiko baliokidearen mapari dagokio.

Neurketa-era

Praktikan proposaturiko geometriei dagozkien kurba ekipotentzialak eta eremu-lerroak mugatzeko, paper eroalea daukazue.

Bertan, geometriak irudikaturik daude tinta eroalearen bidez, eta elektrodoen arteko potentzial-diferentziak sor daitezke korronte jarraiko iturriaren bidez.

Neurketak egiteko multimetro bat eta berarekin loturiko bi punta daude, papereko edozein bi punturen arteko potentzial-diferentzia mugatzeko.

Praktikaren garapena

a) Hauta ezazue erabili behar den elektrodoen konfigurazioa.

Ipin ezazue elektrodo bat zero potentzialean (lurra edo GND tentsio-iturrian), eta bestea V potentzialean (laborategiko irakasleak V-ren balioa zein den esango dizue).

b) Lot itzazue elektrodoak tentsio-iturrian (DC) 5:20 Vampsubdc; tartean, konexiorako kableen bidez.

Horretarako, txintxeta metalikoez lagundurik konexiorako kableen muturrak elektrodoetan eutsiko dituzue.

Txintxetek, elektrodoa, paper eroalea eta kortxozko oinarria zeharkatu beharko dute, lotura zurruna izan dadin.

Konexio-kablearen muturrak eta elektrodoak kontaktu elektriko ona egiten dutela ziurtatu.

Konexio kableen beste muturrak (bananak) tentsio-iturrira (DC) lotuko dira.

c) Ziurta ezazue eraikitako sistema ongi dabilela.

Horretarako, tentsio-iturria (DC) lotu ondoren, multimetroaren (ziurtatu neurketa-mota zein tartea aproposak direla) bidez neurtu egin beharko dituzue elektrodo berberaren bi punturen arteko potentzial-diferentzia eta bi elektrodoen artekoa.